ABERRIAREN MUGAK
Txomin Artola (Hondarribia, Gipuzkoa, 1948ko uztailaren 26a) euskal abeslaria da. Fernando Artola Bordari poeta eta idazlearen semea eta Urbil Artola musikariaren aita da.
Ama Ipar Euskal Herrikoa izanik eta mugan bizi izanda, Artolak beti eduki du harreman berezia Iparraldearekin. Frantziako aldizkari eta irratien bidez deskubritu zuen Beatles taldearen musika. Gitarra elektrikoa erosi, eta ingelesez zein frantsesez aritzen zen. Troublers rock taldea osatu zuen 1963an, Javier Busto tartean zegoelarik ere. Hainbat emanaldi arrakastatsu eman zituzten Bidasoa aldean.
Aita idazle zuen, eta haren bidez jarri zen harremanetan euskal kantagintzarekin; Mixel Labéguerie entzuten hasi zen, eta euskaraz ere kantuak egin zitezkeela jabetu zen. Garai bertsuan, Bob Dylan eta folk musika ezagutu zituen, eta bi munduak uztartzeko modukoak zirela otu zitzaion. 1967an Ez Dok Amairuk emanaldia egin zuen Irunen, eta txundituta geratu zen. Handik aurrera harremanak eduki zituen Ez Dok Amairuko hainbat kiderekin, eta euskaraz kantatuko zuela erabaki zuen.